Juan Plazaola Artola

Juan Plazaola Artola Donostian jaio zen 1919ko urtarrilaren 21ean. Belgikan, 1936an sartu zen Jesusen Lagundian. 1951n apaiztu zen. Pariseko Unibertsitateko doktorea da Letretan eta Madrileko Complutensekoa Filosofian. Jesusen Lagundiko Salamancako Giza Zientzien zentroko errektorea izan zen (1966-68), Deustuko Unibertsitateko Filosofia Fakultateko Estetikako irakaslea (Bilbao, 1964-74), Artearen Historiako katedraduna eta Filosofia eta Letren Fakultateko dekanoa izan zen garai hartako Gipuzkoako Unibertsitate eta Teknika Ikasketen zentroan (Donostia, 1974-77). Gerora Donostiako campuseko errektore ere izan zen bi alditan (1977-79 eta 1985-89), Loiolako Jesulagunen Probintziako buru eta Deustuko Unibertsitateko kantzelariorde (1979-85).

Caracaseko Andrés Bello Unibertsitateko, Mexikoko Iberoamericanako eta Alcalá de Henareseko irakasle gonbidatua izan da. Hungariako Santa Isabel Arte Ederren Erret Akademiako (Sevilla) akademikoa da eta Donostian egoitza duen Deustuko Unibertsitateko Loiolako Ignazio Institutuko presidentea.

Reseña aldizkariaren (Madril, 1964) sortzaileetako bat izan zen, baita Mundaiz aldizkariaren (Donostia, 1975) sortzaile eta zuzendari ere.
Berrogeita hamar artikulutik gora ditu argitaratuta aldizkarietan, tesi eta tesina ugari zuzendu ditu, hitzaldiak ere emana da espainiar eta atzerritar hiri eta unibertsitaterik garrantzitsuenetan. Horrek guztiak eta biltzarretan izandako parte hartzeek eta argitaratuta dituen ia hogei lanek bete dute ikasketari eta ikerketari eskainitako pertsona saiatu honen bizitza oparoa.

Bere azterlanekin, arte kristauari buruzkoekin ez ezik, oro har, estetikari buruzkoekin ere jarri ditu arte kristauaren irakaskuntzaren eta kateketikaren zutabeak, esanahiaren eta adierazlearen arteko loturak ezarriz, sormen artistikoa oinarri duela.