Andrés Ortiz-Osés

El hombre existe no directamente en la naturaleza, como los animales,
 sino en el contexto de un universo mitológico, un conjunto de tradiciones
 y creencias nacidas de sus vivencias a través de una herencia psicológica
 común.(N. Frye, Poderosas palabras).

Autore aitzindaria dugu Europa erdialdeko pentsamendu hermeneutikoa eta Heideggeren Eskola gure herrialdean ezagutarazten. Tardientan (Huesca) jaio zen 1943an eta filosofiako doktore titulua Innsbruckeko Unibertsitatean eskuratu zuen 1971n. Deustuko Unibertsitateko Hermeneutikako katedraduna da, eta bertan Heideggeren hermeneutikari eta Jungen eskolako sinbologiari artikulazioa ematen dion kultur ikerketako talde bat sortu du.

Ikerlan horien fruitu dugu Diccionario de Hermenéutica, sakontasun handiko talde lana eta intelektualen artean oihartzun handia izan duena. Ortiz-Osésen historia pertsonala pentsamendu hispanikoaren historia da, bere zalantza eta kontraesanekin. Eskolastika filosofiko-teologikoaren herentzia aurkitzen dugu pentsamendu marxistarekin kontrajarrita, kritizismo arrazionalistaren eta existentzialismo nihilistaren barruan. Bi pentsamendu horiek fundamentalismo intelektualaren gotorleku iragazgaitzak dira, hispaniar pentsamenduaren ohiko ezaugarri izan direnak. Bere bizitzako ibilbideak bizitza intelektualeko pausuak jarraitzen ditu, penintsulan aurkitu ez zuen oreka eta baretasuna europar herrialdeetan bilatu nahian. Herrialde horietan aurkituko zuen Gadamer-en Hermeneutika modernoa eta bertan antzemango zuen klasikoa eta modernoa, kultur tradizioa eta 60etan puri-purian zegoen kontrakultura kontuan izango zituen sintesi humanista edo berhumanizatzaile berriaren aldeko jarrera desberdinen arteko kultur elkarrizketarako saio bat. Horrela iristen gara hermeneutika sinbolikora eta, kontzeptu kohesionatzaileen bila, pentsamendua antolatzen dizkioten ko(i)nplikazio eta fratriarkalismo kontzeptuetara. Pentsalari originala dugu, bada, aurrean, gure mendeko filosofiako korronte nagusienak hurbiletik ezagutu eta erkatu dituen esploratzaile ontologiko peto-petoa.

Patxi Lanceros

Gaur eguneko filosofiak inflexio aro bat markatzen du, benetako arazoetatik askatuak zeuden gaur eguneko sistema kritikoen kurbaren barruan, eta sistema horiek, bere atsegin propioan sartuta, zentzu eta konplizitate puntu bat galtzen dutela dirudi historiaren joanean. Pizgarri gisa, posmoderno izena hartu duten filosofiak sortu ziren, baina euren ironia kargaz, edozein sistema filosofikoren asmo totalizatzailea azalekoegi bihurtzeko arriskua dute eta aurrekoak bezain antzu eta anbiguo bihurtzekoa.

Udazken giroko ikuspegi honetan, Patxi Lanceros filosofoak gaur eguneko munduaren arazoei beste alde batzuetatik ekiten erakusten digu: «Uste dut oraindik badagoela aukerarik filosofia sistematikoarentzat eta filosofia kritikoarentzat: baina prozesu errealei atxikirik doan kritika da eta prozesu horiek eragindakoa».

Gure autoreak esperientziaren esparru desberdinen arteko harremanen, trantsizioen berri emango duen sistema bat sortzeko bide bat urratzen du, amaiera edo bukaerarik emateko aukerarik gabea, de-finitzeko edo de-terminatzeko aukerarik gabea. Ikuspegi desberdinen, objektu errealean jar daitezkeen begirada desberdinen arteko elkargunea topatzeko gai den zentzuaren hermeneutika bat.

Patxi Lanceros Deustuko Unibertsitateko (Bilbao) filosofia politikoko eta kulturaren teorietako irakaslea da. Hainbat aldizkari eta argitalpenetan lagundu ohi du. Bere lanen artean, Diccionario de hermenéutica arrakastatsua aipa dezakegu (Andrés Ortiz-Osés doktorearekin batera zuzendua), baita beste hauek ere: Avatares del hombre. El pensamiento de Michel Foucault, La modernidad cansada y otras fatigas eta Política mente. De la revolución a la globalización. Azken lan hau adimentsua bezain sarkorra dugula esan daiteke, eta behar-beharrezko lan bihurtu da asaldura garaion esanahia argitzeko.