Carlos Beorlegui

Filosofia, teologia, antropologia, soziologia; pentsamendu filosofikoaren gaur egungo deribak jakintzaren ohiko esparruen konpartimentazioa hautsi egiten du eta giza zientzia guztiak barruan hartuko dituen diziplina anitzeko jakintza izatea eskatzen; izan ere, zientzia horiek euren bilakabidean arazo erabat filosofikoetan bat egin dute. Carlos Beorlegui, Nafarroan jaioa da, Filosofian doktorea eta Teologian lizentziatua eta Deustuko Unibertsitateko katedraduna. Deustuko Filosofia Saileko zuzendaria da, San Salvadorreko (El Salvador) Universidad Centroamericanako (UCA) irakasle gonbidatua eta «Pensamiento» filosofiako aldizkariaren (Madril) Erredakzio Kontseiluko kidea, baita Asociación de Hispanismo Filosófico eta Sociedad Hispánica de Antropología Filosoficako (SHAF) kidea ere bai. Bere filosofian hainbat iturritatik edan duela nabaritzen da, ikasketari eta prestakuntza humanistiko globalari eskainitako urte luzeen erakusgarri. Horrek aukera ematen dio filosofia kontuak beste zientzia «enpirikoago» batzuekiko harremanetatik aztertzeko, antropologiatik edo soziologiatik, esaterako. Izan ere, zientzia hauek zuzenean daude loturik gizakiaren izatearekin eta planteamendu soziokultural historiko eta garaikide desberdinen praxiarekin. Horrelaxe heltzen gara etikara, jokatzeko erara, Beorlegui irakaslearen burutazio filosofikoen azken sustraietara. Hainbat autoreren eragina jasotzen du: Frankfurteko Eskolakoena, Zubiri, García Bacca edo Lévinasena, baita gaur egungo joera filosofikoena. Azken horien artean dago Latinoamerikako askapenaren filosofia (Ellacuría, Dussel, e.a.). Halaxe definitzen du Beorleguik azken filosofia korronte hori: «abstrakzioetan gelditzen ez zen pentsaera, baizik eta ekintzara eta askapenera zuzenean bideratzen zena; eta nahikoa kalitate tekniko zuen lehen munduko filosofiaren mailan kokatzeko, areago, aurretik jartzeko ere bai, filosofiaren izaera zapaltzailea eta dogmatikoa eraitsiz». Latinoamerikara egin zuen lehenengo joan-etorritik hona, lurralde horrekiko lilura sentitu du, baita bertako ekarpen kultural eta filosofikoen bultzadarekikoa ere, eta bere idatziekin lagundu egin du filosofia horren garapenaren ildo nagusiak argitzen.

Hainbat liburu eta idazkiren egilea da, euretariko batzuk sona handia izan dutenak. Denen artetik honakoak nabarmendu daitezke: García Bacca. La audacia de un pensar, Bilbao, Deustuko Unibertsitatea, 1988; Lecturas de Antropología filosófica, Bilbao, Desclée de Brouwer, 1988; Antropología filosófica. Nosotros: urdimbre solidaria y responsable, Bilbao, Deustuko Unibertsitatea, 1999; La filosofía de J. D. García Bacca en el contexto del exilio republicano, Bilbao, Deustuko Unibertsitatea, 2003; Historia del pensamiento filosófico latinoamericano. Una búsqueda incesante de la identidad.